2017/05/11

Mugikortasuna Altzan / Movilidad en Altza


Eusko Trenen Altzako geltoki berria irailaren 12an hasi zen martxan. Erabilera-aurreikuspen handiak egin baziren ere, martxan jarri denetik oso altzatar gutxik erabiltzen dugu. ‘Geltoki mamua’ deitu zaio. Zer ari da gertatzen?

Geltokia egin da, baina ez du asetzen altzatarron beharrik, erabilera datuek erakusten dutenez. 


Diseinu akats handiak ditu (oztopo arkitektonikoak, maldak...). Bestalde, Donostiara joateko zerbitzu gisa planteatu da, eta hori dagoeneko asetzen du altzatarrok hainbeste estimatzen dugun autobus zerbitzuak. Gainera, Altzako autobus zerbitzuak kaltetzeko arrisku bizia dago, geltokia irekitzean, 13. linea zalantzan jarri baitute Udalak eta Jaurlaritzak, eta Lurraldebusek erdira murriztu baitu E06 bus zerbitzua, Donostiako ospitaleetatik Altzara eta Oreretara datorrena (maiztasuna 30 minututik 60 minutukoa izatera igaro da).

Altzatarrok behar duguna da Satorraren bidea jarraitzea, Hendaiaraino, trenbide bikoitzarekin. 25 urte dira horren zain gaudela, lehentasun osoa du. Gure bizilagun pasaitarrek ere behar dute trenbide leiho paretik kentzea.

Gainera, Altzako mugikortasuna zaintzea, hobetzea eta osatzea behar dugu:
  • Autobus zerbitzuak hobetzea: dBusen 13. lerroan murrizketarik EZ frekuentzietan; Altza-Zuhatzu zerbitzua BRT lerro bilakatzea, azkartasun komertziala, erosotasuna eta frekuentziak hobetzeko; gertuko autobus zerbitzua osatzea, 38 lerroa (Trintxerpe-Altza-Molinao) Altza barneko autobusa bilakatzea, ibilbidea, frekuentziak eta modalitatea hobetuz
  • Herrerako Renfeko geltokia egokitzea, irisgarritasuna ziurtatuz.
  • Igogailuen egitasmoak amaitu, eta behar berriak aztertu.
  • Bidegorri sarea egin.
Gainera, Gipuzkoako mugikortasun sarea osatu behar da, gipuzkoarrotatik erdia baino gehiago ekialdeko Gipuzkoan bizi baikara, Lasarte eta Irun artean. Tren moderno eta baliagarria izateko, maiztasun sarriagoak behar ditu. Oraingoak bikoizteko (15 minututik 7,5 minutura) beharrezkoa da linea osoa bikoiztea. Alternatiba bat behar dugu.

Hendaiarako jarraipenik gabe, egin den 34,5 milioi euroko inbertsioa xahutze bat izango da eta frustrazioak eragingo ditu altzatarron artean. Herriaren diru baliabideak eraginkorki erabili behar dituzte erakundeek egindako inbertsioak sozialki amortizatzeko. Baina Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak Donostiako 'pasantea' izendatu duten egitasmo faraonikora 200 milioi euro bideratu nahi dituzte.

Horregatik eskatzen diegu erakundeei:
  • Satorra:
    • Altza-Galtzaraborda egitasmoa jartzea beren lehentasunetan, eta dirua Altza-Galtzaraborda egitasmoan inbertitzea, lehenik, Hendaiaraino jarraitzeko, gero.
    • Eusko Trenen Altzako geltokietako akatsak zuzentzea.
  • Altzako mugikortasuna:
    • 13. eta 38. busak zaintzea eta hobetzea, eta Zuhatzurako BRT linea sortzea.
    • E6 autobusaren maiztasuna zegoen bezala mantentzea.
    • Herrerako Renfeko geltokia egokitzea.
    • Igogailuen plana amaitzea eta bidegorri sarea osatzea.
  • Altzatarroi, pasaitarroi eta, oro har, gipuzkoarroi entzutea. 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Eman zure iritzia hemen: